BERDINTASUNAREN ALDEKO KONPROMISOA
HAURRESKOLAK PARTZUERGOAREN ZUZENDARITZA BATZORDEAK EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNA BULTZATZEKO KONPROMISOA HARTZEN DU
Haurreskolak Partzuergoak emakumezko eta gizonezkoen berdintasunaren aldeko konpromisoa eta bultzada agertu nahi du adierazpen honen bidez.
Horren harira, funtsezkoa da Haurreskolak Partzuergoaren berezko hiru esparru aipatzea. Lehenbizikoa, hezkuntza-esparrua da. Familiekin elkarlanean eta prestakuntzaren eta gizarteratzearen bidez haurren garapen osoa bultzatzea da esparru horren helburua, betiere, haurren eskubideak eta haien ongizate psikofisikoa errespetatu eta haien gaitasun guztiak (gaitasun afektiboak, sentitu eta mugitzeko gaitasunak, gaitasun kognitiboak eta harremanetarako eta gizartean parte hartzeko gaitasunak) garatzearen ikuspegitik.
Horri lotuta, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak honako hauek ditu helburu, besteak beste: ikasleen nortasuna eta gaitasun afektiboak guztiz garatzea, oinarrizko eskubideak eta askatasunak errespetatzea eta gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna oinarri dituen heziketa ematea, aniztasun afektibo-sexuala onartzea eta desberdintasunak era kritikoan balioestea, jarrera sexistak alde batera utz ditzaten.
Hori dela-eta, Haurreskolak Partzuergoak zenbait ezagutza, balio eta jarrera transmititu nahi dizkio eskola-komunitate osoari, eta beharrezko trebetasunak indartu nahi ditu, pertsona bakoitzak, emakumezko zein gizonezko izan, bere baitarako har ditzan. Alegia, lortu nahi du pertsona orok aukera izatea nortasuna guztiz garatzeko aukera emango dioten balio, jarrera eta ezagutzak indartzeko. Izan ere, horrek, aldi berean, lagunduko dio bizi den gizartean modu arduratsuan integratzen, sexua dela-eta inor bereizi gabe.
Bigarrena esparru soziala da. Izan ere, Haurreskolak Partzuergoak, hezkuntza-zerbitzuaz gainera, bi urtetik beherako haurrak zaindu eta haiei arreta emateko zerbitzua eskaintzen die familiei. Hortaz, herritarrentzako gizarte- eta komunitate-zerbitzua da, familia eta lana bateratzen laguntzen duena.
Azkenik, hirugarren esparrua Partzuergoko langileen barne kudeaketari loturikoa da.
Haurreskolak Partzuergoa eragile garrantzitsua da hiru esparru horietan, emakumezko eta gizonezkoen berdintasuna lortze aldera beharrezkoa den eraldaketa lortzeko bidean. Partzuergoaren eginkizun sozialari dagokionean, adibidez, baterako hezkuntzan eta berdintasunean oinarrituta egituratu dezakegu hezkuntza- eta laguntza-lana. Bestalde, helburuei dagokienez, lana eta familia uztartzeko gizarte- eta komunitate-zerbitzua den aldetik, familiek (bai gizonek, bai emakumeek) lan egin ahal izatea ziurtatzen du. Eta, azkenik, langileen kudeaketari dagokionez, emakumezkoek eta gizonezkoek tratamendu bera eta aukera berberak izatea da erakundearen helburua.
Emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna sustatzeko Haurreskolak Partzuergoaren konpromezua eta lana, 2010/11 eta 2014/15 ikasturteen artean hasi zen entitatearen I. Berdintasun Planaren ezarpenarekin. Epe honen ondoren, eta prozesu honekin jarraitzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoak bere II. Ekintza Plana egin du 2015/16 eta 2018/19 ikasturteen artean garatzeko. Egitasmo honen bidez hainbat ekimen eta neurri garatzen eta ezartzen jarraituko da, langile guzti-guztien zein langileen lege-ordezkarien inplikazioarekin, generoa dela eta inolako bazterketarik, hala zuzena edo zeharkakoa, ez dela gertatuko ziurtatzeko.
Planean aurreikusitako ekintzen artean, eta EAEko Emakume eta Gizonezkoen Berdintasunerako VI. Planari jarraituz, Haurreskolak Partzuergoak hainbat esparrutan lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartuta du. Zeregin hauetan, bereziki: guztion kontzientzian dauden balioak aldatzea, bai laneko esparruan bai etxeko esparruan orain arten izan den rol-banaketa ere; berdintasunaren aldeko pertsona proaktiboak sustatzea, batez ere haurren heziketan, eta, azken helburu horri begira, haurreskoletako lan-plangintzetan baterako hezkuntza sartzen jarraitzea, lan egiteko oinarri zeharkako eta zehatz moduan.
Gasteizen, 2016ko otsailaren 4an.
|
|
|